Jay Fox
Larrutsak eta azalutsak
Jantziak gorputza babesteko egin ziren, ez bera ezkutatzeko. Lizunkeria giza gorputzarekin lotzen duen huraxe lizuna da. Gizaldeko eta idealistentzat giza gorputza zoragarria da, arimaren etxea, antzinako poetek abesten zuten eran. Oro har, sineskeri eta sentsualismoaren nahasketaz blai dagoen erdi zibilizatutako basati arrunt batentzat, gorputz biluzi bat ikusteak ez dio iradokitzen ez pentsamendu gorenik, ez sentimendu nobleagorik, sorreraren ordena baxuagoko animali baten itxurak beste batengan eragiten duena baino. Buru arruntak bere burua islatuta ikusten du gauza guztietan. Kutsadurak ezin du kutsaduratik ihes egin, eta kutsatutako buruak bere islapena ikusten du lagun baten gorputz biluzian, eta goizean goizik altxatu eta festa arruntera batzen da, jende zibilizatuarentzat egokia ez den eta saihestu beharreko lagunari, sen basatia piztu dion gorputz garbiaren biktima errugabeari, legearen bitartez zigortzeko. Islapen hauek, Home-n duela gutxi gertaturiko zorigaiztoko gertakari batean oinarrituta daude. Arima libreen komunitate bat da Home, apaizek pozoitutako gizarte konbentzionalaren eguratsetik ihes egitearren basoetara joatea erabaki duen jendez osatua. Hometarrek gozatzen zituzten askatasunen artean, gaueko soinekoarekin edo naturak eskainitako arroparekin bainatzea zen, beraiek nahi zuten moduan. Inor ez zen ikusle-mikusle eran hara joaten pertsona bakoitzak zein jantzi zeraman ikusteko, badiako ur garbien bila baizik. Bada, hori ez zitzaion inori axola. Guztiak aski garbiak ziren pentsamenduz naturaren estali gabeko maisulanean zakarkeriarik eta iradokizun maltzurrik edo lizunik ez ikusteko. Baina, azkenean, zenbait azaluts komunitatera batu ziren, eta jendeari askatasuna kentzeari ekin zioten, kanpoko munduko arrakala eta bortizkeriaz baliatuz. Lau pertsona atxilotu zituzten erakuskeria delitupean. Bi ume txikiren ama den emakume bat espetxeratu zuten. Atxilotutako gizon batek ere kartzela zigorra bete beharko du. Ekintza maltzur hauen egileak, oraindik, boikotatuak zergatik izaten ari diren galdezka dabiltza. Jendeak merezi duen sumina piztu da. Beren askatasuna eraso dute. Komunitateak jasaten duen kanpokoen jazarpena menderatzeko lehen urratsa egin da. Liskar hau erresistentziarik gabe baztertua izango balitz, azalutsek erraz izango lukete aurrera egiteko. Ordea, gurekin bizitzera etorri ziren burugabe horiek, gure lankidetzaz baliatzera eta salgaiak berton merkeago erostera etorritako horiexek, liztortzar baten habian sartu direla ohartu dira. Dauden dendetatik bik beraiekin tratuak egitea ukatu dute, eta bertoko kideak haiek saihesten ahalegintzen dira ahal duten modu guztietan. Egia esan, guztiak ez dira hona gerturatu egoeraren garrantzia ikustera. Baina, dabiltzan horien propagandak diharduko du, eta arerio hauek gure artetik saihesteko kausa azkeneraino eramango da. Lerroak egingo dira eta askatasunean sinestarazten dabiltzanak frogatu ahalko dute. Ez dago leku posiblerik libertarioek bertara ihes egin dezaketenik Home-ren askatasuna babesteko ahaleginean parte hartzen dutelarik. Ez dago erdiko terminorik. Babesten laguntzea ukatzen duten horiexek [sic] beste aldekoei laguntzen ari dira. Askatasuna nahi duten, baina borrokatzeko asmorik ez duten horiexek bizkarroiak dira eta ez dute askatasunik merezi. Inbasioa bost axola zaiona, emakume bati bere umeak kendu eta kartzelara bidali dutela jakin ondoren neurririk hartzen ez duen huraxe, ezin da jo autoritatearen jazarletzat. Bere lekua arerioaren alboan dago. Boikota aurrera eramango da inbaditzaile hauek beren ekintza zakarraz ohartzen diren arte, eta horrela, jendeari jakinaraziko zaio. Gai honi buruz gehiago hausnartuko dugu hurrengo aleetan.