Izenburua: Neska-mutilekin solasean
Egilea: Henry Addis
Data: 1900
Iturburua: 2024ko martxoaren 30ean eskuratuta hemendik: louisecrowleylibrary.org
Oharrak: Artikulu hau Discontent-en 2. alean agertu zen lehen aldiz, 38., 39., 42. eta 43. zenbakietan. 75 $-eko isuna jarri zioten Discontent aldizkariaren editorea zen Charles Govan-i artikulua argitaratzeagatik. Gertakari hau Discontent-en 3. aleko 21. zenbakian salatu zen honakoa adieraziz: Govan eduki lizuna bidaltzearen kargu zahar faltsuaren pean atxilotu zuten. Erreklamatutako edukia azken apirilean argitaratu zen, eta honezkero ahaztuta izango genduen ez balitz printzipiorik gabeko sermolari baten sumina gogobetetzearren berpiztu.

    II.

    III.

    IV.

Hator gaztedia, eta solas gaitezen lagun artean. Baina, zeren inguruan egingo dugun solas galdetuko didazue. Egin dezagun solas gizon eta emakume izatean zer izango zaretenaren inguruan.

Tira, zuetako batzuek eskolan jada hau ikasi duzuela esango duzue. Halaxe da, baina ez naiz nekazari edo nekazarien emazte izatearen edo marinel edo mekaniko izatearen inguruan ari, horiexek ez dira arrats honetan jorratuko ditugunak, zeuen etorkizuneko zoriontasunerako arras garrantzitsua dena baino ez.

Hasteko, ba al dago hemen noizbait soldadu izatea pentsatu duen mutilik? Bai? Bikain. Ba al dago nire aurrean soldaduak miresten dituen neskarik, bere anaia, edo agian, mutil-laguna soldadu izateko desiratzen dagoenik? Zeuen begiek baietz diote. Orain, soldaduen eta beren negozioaren inguruan hitz egingo dizuet minutu apur batzuez.

Ba al du zuetako norbaitek besteak hiltzeko edo edozein hilda ikusteko desiorik? Ezetz esango duzue guztiok; ez, noski! Latza, ezta? Badakizue zein txarto sentituko zinateketen eta nola egingo zenuketen negar anaia esku-ohe batean odoltsu eta hilik etxeratuko balitz. Beldurgarria, ezta? Bai, neska-mutilok, beste neska-mutilentzat, gurasoentzat beldurgarria da, beldurgarria, beren anaiak edo semeak hilik izatea, nahiz eta urruneko herrialde batean hil eta gehiago ez dituzten ikusiko. Bai, umeok, bortizkeriaren ondoriozko heriotza beldurgarria da, beldurgarria, eta ez da guda bezalako bortizkeria mota latzagorik.

Soldadurik ez balego, ez genuke gudarik izango. Bada, umeok, soldadu izatea kontu beldurgarria da.

Egia da sekulakoa dela soldaduak kalean zehar desfilatzen ikustea, baina, hori itxurakeria besterik ez da. Ez da hain polita haiek barrakoietan ikustea. Ez da hain izugarria bala zaratatsuek zure lagun minenak alde guztietatik hiltzen dituztela ikustea, eta ziurrenik, anaiaren odola zure aurpegian zipriztintzea. Neska-mutilok, benetan uste al duzue kaleko desfileen zirrarak eta direla medio, batailen ondorio beldurgarriak merezi dutela? Zuek, neskok, anaia edo mutil-laguna lerroan beste batzuekin kaleetan zehar desfilatzen harrotasunez eta barrua emozioz beterik ikustean, banderak mugitzen, musika jotzen, armei distira dariela, benetan nahi al duzue hainbeste miresten eta maite dituzuen mutil hauek atzerriko lurralde batean hil eta lurperatzea, edo beso edo hankarik gabeko, begia aterata edo sendatzeko itxaropenik gabeko gaixotasun kroniko duen lagun bat? Ez, noski, baina hauxe guztia dakar gudak beti.

Hortaz, umeok, uste al duzue beste inork eskubidea duela hona etorri eta zuei tirokatzeko? Oi, ez! Orduan, zein eskubide duzue zuek haiengana joan eta tirokatzeko? Baina, guda desberdina dela esango duzue, gudara joatean, gure herrialdearengatik borrokatu behar gara. Halaxe da, modu horretan esanda, desberdina dirudi, baina, eragina, azaldu dudanaren berdin-berdina da. Norbait hona etorri eta zuei tirokatu behar badizue, inbasioaren armada litzateke. Beste norbait tirokatzera joan behar bazarete inbasioaren armada zinatekete.

Baina, umeok, zer da zuen herrialde deritzozuen hori? Hara, horra hor Tommy, bere aitak bulego bat du, gure herrialdea gobernua dela dio. Jakina, gobernua bera da gudara eramaten nauena, eta gobernurik ez balego, gudarik ere ez legoke. Gogoan izan, umeok; gobernuak gudaren zergatia dira.

Tommy oker dago gobernua gure herrialdea dela dionean. Noski, gure herrialdea hemen egongo litzateke, beti bezala, bere baso eta larreekin, bere mendiekin, bailarekin eta errekekin, nahiz eta gobernurik ez egon, ezta soldadurik kaleetan zehar desfilatzen ere.

Ez al duzue uste, umeok, gure herrialdea ederragoa izango litzatekeela eta jendea zoriontsuago, gudarik ez balego? Eta soldaduak nekazariak, errementari, zurginak, margolariak edo beste motako artisautzako merkatariak balira? Badakizue ezin dugula aurrera egin nekazariaren, zurginaren eta margolariaren produkturik gabe, eta nekazariak bakarrik ezin du bere negozioa aurrera eraman errementaririk gabe, baina, soldaduak soilik bere lagunak hiltzen ditu, baita nekazari eta mekanikoaren lana suntsitu ere.

Neskek egiteko ugari dituzte, baita mutilek ere, ogibide ugariren artean aukera dezakezue, soldadu izeneko hiltzaile profesional izatea aukeratu beharrik gabe. Beraz, neskok, hilketaren beldur bazarete, eta badakit halaxe dela, gudari beldur gehiago izan beharko zeniokete, eskala handiagoko hilketa baita, eta soldadua hiltzailea den moduan, odola bere produktua da. Egin ahal duzuen guztia mutilak armadatik at mantentzeko, eta ez da armadarik izango.

Mutilok, GIZON zaretenean, zeuen hitzari eutsita, zeuen lagunen hitzari eutsita, eta ez zaretenean soldadu izango, eta armadak eta gudak lurretik desagertzean, bakea eta oparotasuna ageriko dira eta zoriontasuna zeuena izango da, gudaren eta bortizkeriaren izu eta beldur guztiak ez dira gehiago egongo.

II.

Hemen gaude aurrez aurre. Duela astebete izan genuen solasaldian, neskek, uste dut, mutilak armadatik at mantentzeko ahalegin guztia egingo dutela aitortu zuten, baita guda baztertzeko ere. Mutilek ere, ahal zuten heinean, armadara batuko ez zirela esan zuten eta beste mutilei, armadara batu eta bertan ezagututakoei uzteko esango zietela.

Bada, orain, zuetako nork izan nahi du nagusia? Bikain, orduan, zuetako batzuek nagusi izateko desira adierazi duzuenez, zenbatek nahi du beste baten agindupean egon? Zer, inork? Tira, orain, nolatan izan daitezke batzuk nagusi, inork ez badu agindurik jaso nahi? Ez al duzue ulertzen, mutilok, ezin dela nagusirik egon norbaiti agintzekorik ez badago?

Eta zuek, neskok, agian zuetako norbaitek nahiko al luke beste norbaiti aginduak eman zer egin behar duen ala ez esateko? Badakit gauzak egiteko modu arrunta dela, baina ez al zarete ohartzen ezinezkoa dela zuentzat aginduak ematen ibiltzea, eta zuetako batzuek men egiten arituko zaretela negozioak irauten duen bitartean? Zuetako inork ez ditu aginduak jaso nahi, beraz, hau ekiditeko modu bakarra agintzaileak behar dituzten programetan ez partea hartzea da.

Bai, umeok, badago modurik mundu osoko lana agindurik eman gabe aurrera eramateko. Esklaboak izatea eta haiek zigortzea beharrezkotzat jo ohi zen, eta beldur ziren esklabotza abolituko balitz, munduak aurrera joan ezingo lukeela, eta guztia hondamendia izango litzatekeela. Baina, esperientziak erakutsi digu hau zentzugabekeria besterik ez dela, eta munduan egin beharreko lana aurrera doala, gizon eta emakume lan egitera edo zigortuak izatera behartzen zirenean baino are hobe.

Orain, besteei agindu behar diegula esaten digute, bestela, lanak ez baitu aurrera egingo, baina, hor egia denik ez dago, kotoi nahikoa hazteko helburuarekin hegoaldean jende beltza esklabo bezala mantentzeko beharraren baieztapenean dagon egia bera, alegia.

Zuek, neska-mutilok, elkarrekin jolastera joango bazinaten, zer egingo zenukete? Norbaitek besteei jolas jakin bat egin BEHAR duzuela esaten duen arte itxoin, edo jolasak proposatzeari ekingo zeniokete? Jolas bat proposatu nahi dutenek egin dezatela, eta guztiek atsegin duzuen jolas bat proposatu bada, jolastu, edo, guztiok elkar ados jarri ezean, batzuek jolas bat eta besteek beste jolas bat, ezta? Zalantzarik gabe, guztiek egongo zinatekete ados, eta norbaitek beste jolas bat egin BEHAR duzuela esaten badizue, bizkor esango zeniokete ez duzuela zertan hori egin beharrik.

Hortaz, hazten zoazten heinean, gizon eta emakume izatera arte, berdina izango da zuen bizitzako kontuetan. Nagusi izaten saia zaitezkete, bestela, nagusiari men egin, edo, lan egiten duzuen horiexekin ados egonik, nagusiaren negozioa guztiok batera ekidin.

Ez dago ondo, norbaitek zuek nahi ez duzuen zerbait egitera behartzea, ezta hala? Bada, era berean, bestearentzat ere desatsegina izango da berak ez nahi duen zerbait egitera behartzen badiozue, ezta? Guraso izatera iristen zaretenean, mingarria izango zaie seme-alabei modu horretan tratatzen badituzue. Ez al duzue uste guraso eta ume batu beharko liratekeela, eta bata besteari atsegin ematea, adeitsu izatea, elkarri mesedeak egin eta elkar laguntzea, eta besteari GALDETZEA ea zerbait egin dezakeen, exijitu ordez? Oi, itzela litzateke, ezta?

Munduko arazo guztiak, izaera seriokoak, edo ia seriokoak, agintzeko desira latzaren ondorio dira, bestea kontrolatu eta derrigortzeko helburu dituenak. Guda oro desira horren fruitu dira. Gobernu oro horretan datza.

Beraz, Harry Strong-ek uste du nekazari izatean, kontratatuta duen gizonak nahi duen heinean jardungo duela. Tira, Harry, zergatik ez adostu zurekin elkartu den horrekin baldintza onetan elkarlanean aritzeko? Zergatik ez duzue, nekazari izan nahi duzuenok, kooperatiba elkarte bat osatzen? Antolatu lana ahalik eta gehien momentu egokienean burutzeko, eta bakoitzak nahiago duena egitean, zuen ahaleginei etekin handiena atera ahalko diezue. Denok pozik, eta aginduak ematearen alde txarrik gabe. Eta horrela, ogibide guztiekin. Ez dago arrazoirik elkarri ez laguntzeko. Baztertu nagusikeria, handitu zuen zoriontasuna, baita elkartearena ere, eta horrela, nahi ez ditugun ezaugarri desatsegin hauek mundutik kanporatzen lagunduko duzue.

III.

Umeok, guda eta nagusikeriaz solas egin dugu, orain, munduko gauza atseginenaren inguruan arituko gara. Eta, zer ote? Goxokiak? Ez. Hara, Willie Jones-ek dio eztia dela ezagutzen den gozokirik puruena, hortaz, uste du ezti eta erleez jardungo dugula, baina, ez dugu eztiaren inguruko kontu askorik aipatuko. Bai, banekien neskek asmatuko zutela. Ez daude bizitzako kontu zikinen mende. Zeuen aurpegietan ikus dezaket, neskok, begi maitekor horietan, gaurko gaia istorio zahar-zahar bat izango dela dagoeneko badakizuela: MAITASUNA.

Maitasuna, poeten eta antzerkigileen betidanik izandako gaia, erabateko sentimendu hori; guztioi elkartzen gaituen erlazio indartsu eta ikusezin hori, besteen pozak gu pozarazten gaituen arrazoia, besteak negarrez ikustean atsekabez errukitzen garenean, eta, murriztapen artifizialengatik desbideratzen denean, maiz, arduragabekeri eta bortizkeriara bultzatzen gaituen hori. Horrexegatik, umeok, jarduteko gai bat da oraindik ere.

Beraz, orain denok hemen bilduta gaudelarik, gure ikuspegiak modu askean adierazten, ez dugu arrazoirik desira ankerretara, gorrotora edo mendekura jotzeko, ezta? Guztiok diozue ezetz. Tira, argi izatearren, minutu batez pentsatzen badugu, elkar maite dugula ohartuko gara. Bai, elkar maite. Beharbada, ez beroa, grinatsua den eta hurbilago egotera gonbidatzen gaituen sugar hori, batzuetan, aurkako sexuei gertatzen zaien bezala. Halere, elkar erakartzen gara eta elkarrizketa lagunkoi hauetaz gozatzen dugu plazer handiz.

Erakarpen eta batze hau maitasunaren modu bat da. Agian, zuen artean, badago erakarpen maitekorrago eta sakonagoa astero batzen gaituena baino. Baina, gertuago aztertzen badugu, bi sentimenduen arteko kidetasuna aurkituko dugu. Hortaz, hortxe dugu guraso-maitasuna, gurasoek beren umeekiko duten maitasuna. Halere, hauek guztiak sentimendu edo zirrara berdinaren modu desberdinak edo adierazpenak baino ez dira. Guraso-maitasuna da seguruenik askeen adierazten dena, eta arrazoi honexegatik, nabarmenena. Jendartean, hain zuzen ere. Maitasun berbera ikus dezakegu etxeko animaliekin, adibidez, behiak bere zekorra leunki miazkatzen duenean, edo katuak bere katakumeak laztantzean. Asmo oso eta itxaropenez zein beldurrez amak bere umeari aurpegira adi-adi begiratzen dionean, bere umearen etorkizuna eta zerk itxarongo dion, bai zoriona, bai atsekabea, aztertzen egongo balitz bezala. Ez horixe bakarrik, amaren ezagutza dena edo izan dena; izaki maitagarri eta babesgabearen biziraupena bere mende dagoelarik, umearen barnean amaren itxaropen zein nahiak badaudela.

Sentimendu hauek ez dira amarenak soilik. Aitak ere gustuko du bere semeari so egin eta etorkizunean bere semeaz harro egongo dela pentsatzea. Horren ordez, alaba badu, emakume gisa irudikatzen du, eta etorkizuneko egunetan lasai eta beregain ikusiko du, ikusleari mirespenez hunkitzeko adina. Tira, zuetako askok dagoeneko entzuna duzue eztabaidaren zati hau eztabaidatzen, beraz, ongi ulertu ez den galderaren zati baten inguruan hitz egiteari ekingo diogu.

Lehen aditzera eman dudan lez, zuetako batzuek, neska-mutilok, elkar erakartzen zarete. Batzuek, nahiko modu sinplean erakusten duzue maitasuna ezagutzerakoan, eta erabat zuzena da. Ume maiteok, ez dago zertan lotsatu beharrik, eta ondorioz, ezkutatu beharrik ere ez. Zein arraroa litzateke bata besteari desira ankerrak erakustea zuzentzat joko bagenu? Baten bat baldin badaukagu. Halere, goratzen gaituen zirrara adieraztea okertzat jotzen da: maitasuna. Noski, arraroa da; eta ohitura hori jorratu beharra dago, ohiko pentsamendu hori, egiten ditugun beste ohitura zentzugabeak bezalaxe; horixe da, gure bizitzatik baztertu, besteengandik baztertu, eta modu praktiko guztietan suntsitzen saiatzea. Bai, umeok, uz gaitzatela sentimendu lagunkoiak eta ulerkorrak eta elkarri diogun maitasuna adierazten, eta zapal ditzagun agertzen zaizkigun edozein sentimendu mingarri eta iraingarri, gorrotoa eta jeloskortasuna, esaterako.

Hara, jeloskortasuna hitzean geldiarazi nauzu, Tommy Moore, maitasunetik banaezina dela esateko? Tira, azter dezagun. Esan dudan bezalaxe, maitasuna maitekorra da; eskaini zaion pertsonaren zoriontasuna du helburu; maite den pertsonaren zoriona izugarri gustuko du. Baina, eta jeloskortasuna? Hartzitutako sagarrak bezalakoxea da: garratza, nahasia, gabeziaren ondorioa, irrazionala. Maite den pertsonaren JABETZA besterik ez du helburu. Ez zaio axola maite duenaren zoriona, eta maite arren, poztasuna zapalduta geratzen da eta gabeziak bere lekua hartzen du. Hori baino gehiago. Nola edo hala, bere jabe izateko saiakeran huts egiten badu ere, eragiten dion pertsonari erailtzea eta bere buruaz beste egitea bultzatzen dio. Nolatan, orduan, Tommy, egon daitezke batera jeloskortasuna eta maitasuna, edo kideak izan? Ez, umeok, jeloskortasunak ez du maitasuna adierazten, jabetza esklusiboaren desira baino.

Emmak dio maite duen gizonaren jabetza esklusiboa nahi duela; baina zera galdetzen diot, benetan zoriontsu izan al zaitezke beste pertsona baten jabe izaten? Jabetza hori ez badu beste pertsonak desiratu edo gozatzen, orduan ez da jabetzaren kontua, bien arteko elkarbizitza da.

Demagun zuetako batzuek ez duzuela bestearenganako zeuen maitasunaren adierazpena itxi nahi, zuhurra ala egokia izango litzateke bestearentzat zuei horixe egitera behartzera? Ez, noski! Zeuen maitasun-izaera beste hainbat pertsona aldi berean hartzeko aski zabala bada, zuzena da zeuen grina adieraztea besteak ondo baderitzo. Adibidez, neskok, zuetako batzuek bi edo hiru mutili musu emateko gogoa baduzue, guztiz egokia da, mutilek hala nahi baldin badute.

Izan gogoan, maitasunaren adierazpenak besteenganako dugun maitasuna areagotzen duela, atseginago, adeitsuago eta jasankorrago egiten baikaitu. Gainera, bizitzako plazerak indartzen, zoritxarrak eta egoera zailak leuntzen, izaera goratzen eta kemena ematen du beste modu batean pairaezina dena pairatzeko.

Hortaz, maitasuna sentimendu hain handi, gozo eta goresgarria bada, lotsarazi edo erreprimitu beharko al ginateke? Pertsona bakarrera edo edozein kopurura mugatzeko? Bestela, ez al da gomendagarria hura ereitea eta modu askean adieraztea, gugan pizten diguten guztiei eskaintzeko?

Ez pentsa, ordea, maitasunaren loria betirako denik. Batzuetan, epe laburrekoa da. Bestetan, berehala konturatzen gara maite duguna espero genuenaren desberdina dela. Orduan, geure burua engainatu behar ahalko dugu behin, pertsona bat eta pertsona hori betirako maiteko dugulakoan? Doktrina kaltegarri honek ezagutarazi ez diren sufrimendu eta bihozmina eragin ditu. Ez dezagun halakorik izan, aitor ditzagun gure desira naturalak eta ekin diezaiogun desira hauek bultzatzen gaituztenarekin.

Ekin diezaiogun mundua maitasunez eta dakarren zorionez betetzeari.

IV.

Tommy Moorek dio maitasunaren inguruko berriketa dibertigarri bat izan dugula, eta maitasunak sarri familiartasunera eramaten duenez, ongi letorkeela familiaren inguruan hitz egitea.

Oi, ez gorritu, neskok, ez da lotsagarria ama izatea, ezta ere ama izateko behar dena egitea. Erditzea beharrezkoa da arrazaren jarraipena bermatzeko. Jaiotzerik ez balego, mundua jendez hustuko litzateke. Beraz, familia arrazaren jarraipena bermatzeko beharrezkoa den heinean, naturala denez, eta pertsona gehienek guraso izateko desira dutenez, nolatan izan liteke okerra, lotsagarria edo desiraezina?

Egoerak eta baldintzak kontuan hartu behar ditugu, halere. Ez da desiraezina umeak mundura ekartzea, bai ezbehar batengatik, bai nahi izateagatik sufritu egingo dutela nahiko ziur bagaude. Bai, neskok, egon ziur ume osasuntsuak izango dituzuela eta bizitzan aukera justuak izango dituztela. Guda amaitzear dagoenean, eta lankidetasuna bada bizitzako kontu guztietan jarduteko modua, orduan, familiaren inguruko galdera bakarra da guraso izan nahi duzuen ala ez. Orduantxe, gobernua eta monopolioa betirako ez daudenean, ziur egon zaitezkete, neskok, mundura ekarriko dituzuen txikitxoak ez dutela gehiago gabezia edo goserik jasango, orain askok jasaten duten modura. Ordura arte, beharrezkoa izango da gabeziak pairatzeko probabilitatea mantentzea familiaren inguruan hausnartzerakoan.

Garbi dago mutilek aita izan nahi dutela, seme-alabak izan nahi dituztela, baina beti izan beharko dute gogoan bere umeen ama izateko desira duen pertsona, baita txikiek edozein moduko atsekabeak jasateko izango duten probabilitatea ere.

Batzuek, guraso izateko ezkondu behar zaretela pentsatuko duzue, baina ez da horrela. Ezkontza, gaur egun, emakumea gizonaren pean ezartzeko kalkulatutako ondasun-erregulazio bat besterik ez da, senarraren ondasunarengan eskubide bat emanaz. Ezkontza, elizak kontrolatu behar duen instituzio jainkotiar bat dela erakusten digu elizak berak, baina, estatua ere jokoan sartu da, eta orain, kontrolatzeko bere eskubidea aldarrikatzen du. Ez dio axola zeinek kontrolatzen duen, ezkontzeagatik ordainarazten die guztiei, eta ORDAINKETA da, ume maiteok, kleroa eta politikoen helburu bakarra.

Arrazoiak, eliza edo estatua jendearen sexu-harremanen tartean sartzearen eskubidea ukatzen du. Zuen artean adosten duzuena ez lioke beste inori axola behar.

Sally Smithek ama izan nahi badu eta Harry Jenkins umearen aita izatea nahi badu, eta kontuaren galdera guztiei erreparatzen badie eta ume osasuntsu bat mundura ekartzea eta bere burua zaindu dezakeen arte zaintzea adosten badute, orduan, bidezkoa zaie guraso izatea, eta onartezina, berriz, muturra sartu nahi duen edozeinentzat. Beste batzuek, gizartearen, hau da, estatuaren kontu hauek erregulatzeko eskubidea aldarrikatuko dute gizartearen interesaren pean, halere, aldarrikapen hori zeuek engainatzeko aitzakia besterik ez da. Estatuaren mutursartze oro dirua lortzeko da, hortaz, estatua egon dadin eskubidea ukatzen dugu, eta are gutxiago jendeari estortsio egitea dituzten eskubideak erabiltzeagatik.

Ez da zertan bikotekide berarekin bizitza osorako guraso izan beharrik. Sally Smithek esan dezake Harry Jenkinsekin ume bat eduki izana nahikoa dela, baina beste pertsona batekin beste bat izan nahi badu, ez legoke arazorik izan behar. Bestalde, Harryk berarekin guraso izan nahi duen pertsona bat aurkitzen badu, era berean, ondo legoke Harryrentzat beste pertsona batekin ume bat izatea.

Guraso izatea desira naturala da, arraza bezain zaharra, beste desira natural bezain suntsiezina. Betiere, kontuz jardun behar da, baina baita askatasun osoz ere. Umea sortzeko kidea aukeratzeko askatasuna izan behar luke emakume ororen zorion ukaezina, eta anarkismoak espero duen etorkizuneko gizartean halaxe izango delakoan zalantza izpirik ez dago.

Hortaz, umeok, guraso guztiek nahi dituzten ume maitekor, atsegin eta sendoak izatea espero dezakegu. Orduan, umeak, gurasoek nahi duten bezalakoak izango dira. Bai, oraintxu nire aurrean ikusten ditudan nesken aurpegi gozoak, baldintza horien pean, maitasunaren ume eder suspergarrien ama txeratsu alai horiek, umeei amultsuki begiratuz, haiek nahi dutena emanaz, haien alboan egonaz hazten diren heinean, eta poz handiz ume horiek mundura ekarri dituztelarik. Kalitateak, kantitatearen lekukoa jasoko du, eta ume gutxiago jaiotzen diren bitartean, gutxiago hilko dira gazte izanda; gehienak heldutasunera helduko dira, eta guztiak osasuntsuago, bizkorrago eta zoriontsuago izango dira, gaur egun ikus ditzakegunak baino.

Badakit, umeok, une horretara iristeko gogotsu zaudetela. Tira, zuen esku dago baldintza horiek sortzea nahi baldin badituzue. Etorkizuna zuena da. Tiraniari burua makur diezaiokezue, eliza eta estatuaren esklabo izan, edo iragan urruneko erlikia hauek bota ditzakezue, zeuen askatasuna errespetarazi, eta askatasunaren, adostasunaren eta laguntasunaren garai loriatsuan lagundu.

HENRY ADDIS.